2024/11/04
Eskolarik gabe, trafikoan murrizketak ezarrita eta telelanerako deiarekin hasi dute astea Valentzian (1:08 min.)
Joan den astearteako denboraletik desagertuta dauden herritarrak bilatzea da erreskate taldeen lehentasuna. Azken datu ofizialen arabera, hildakoak 213 dira.
Audiorik gabe. Eskolarik gabe, trafikoan murrizketak ezarrita eta telelanerako deiarekin hasi dute astea Valentzia hiriburuan eta Goi Geruzetako Depresio Isolatuak (GOIDI) kaltetutako gainerako herrietan. Azken datuen arabera, hildakoak 213 dira jada. Denboraleak eragindako txikizioa, berriz, kalkulaezina da. Valentziako Generalitateko aldizkari ofizialak bart argitaratu duen ebazpenak biltzen ditu krisia kudeatzeko koordinazio mahaiak adostutako neurri bereziak. Besteak beste, trafikoari lotutako murrizketak 48 orduz luzatzea erabaki da —astearte gauerdira arte—, erreskate taldeen eta oinarrizko zerbitzuak (elikagaiak, ura, argindarra edota komunikazioa) berrezartzen ari diren enpresen joan-etorria errazteko.
2024/11/04
Bi pertsona atxilotu dituzte Donostian beste bati buruan ostikoak jo eta konorterik gabe uzteagatik (1:23 min.)
Hilketa saiakera egozten diete biei. Erasoa igande gauean gertatu zen, Gipuzkoako hiriburuko autobus-geltokiaren kanpoaldean, eta biktima Donostia Ospitalera eraman behar izan zuten, zauri larriekin.
Audiorik gabe. Ertzaintzak 29 eta 37 urteko bi gizon atxilotu ditu bart Donostian, hilketa saiakera egotzita. Biktima Donostiako Ospitalera eraman behar izan zuten, buruan zituen zauri larriak tarteko. Erasoa igande gauean 23:30ak aldera gertatu zen Gipuzkoako hiriburuko autobus geltokiaren kanpoaldean. Hainbat lekukoen arabera, hiru pertsona eztabaidan ari ziren, eta horietako bik hirugarren bati eraso egin zioten eta lurrera bota zuten. Behin lurrean, baina, erasotzailerik gazteenak buruan ostikoak ematen jarraitu zuen, biktima konorterik gabe utzi arte. Hainbat lekukok SOS DEIAK 112 Larrialdi Zerbitzuari deitu zioten, eta Ertzaintzaren patruilak bertaratu ziren. Biktimak arnasa hartzeko zailtasunak zituen, eta haustura izan zezakeen buruan. Ondorioz, Donostia Ospitalera eraman zuten. Bien bitartean, ingurua arakatu ondotik, Ertzaintzako agenteek geltoki inguruan topatu zituzten usteko bi egileak eta han bertan atxilotu zituzten. Atxilotuak ertzain-etxean daude, epailearen aurrera noiz pasako zain.