Zeinu Hizkuntza kurtsoak
Zeinutv_ko logoa

azken berriak

2024/04/16
Zazpi urte eta erdiko kartzela zigorra onartu du Gipuzkoako bortxatzaileak Ordiziako sexu erasoagati (1:41 min.)

Gizon horren kontrako seigarren zigorra da, aurrez Beasainen, Lasarte-Orian, Andoainen, Tolosan, eta Anoetan egindako sexu erasoengatik kondenatu baitzuten.

Audiorik gabe. Gipuzkoako serie bortxatzaileak zazpi urte eta erdiko kartzela zigorra onartu du bere emaztearen lehengusua den emakume bati, Ordiziako bere etxean, sexu erasoa egiteagatik 2017ko ekainaren 17an. Bortxatzaileak jaso duen seigarren zigorra da honakoa, aurrez Beasainen, Lasarte-Orian, Andoainen, Tolosan, eta Anoetan egindako sexu erasoengatik kondenatu baitzuten. Gaur goizean Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko 1. Sekzioan egin den epaiketaren hasieran, Fiskaltzak 14 urteko kartzela zigorra eskatzen zuen akusatuarentzat eta Clara Campoamor erakundeak osatu duen akusazio partikularrak, berriz, 15 urte. Hala ere, gaurko saioan, auzipetuak gertaturikoa onartu du, akordioa lortu du akusazioekin eta horiek zigor eskaerak murriztu dituzte. Akusatuak bideokonferentzia bidez deklaratu du Palentziako La Moraleja espetxetik han betetzen ari baita beste sexu erasoengatik ezarri zizkioten zigorrak. Gainera, 2.700 euroko zenbatekoa duten isunak ordaindu beharko ditu eta biktimari 60.000 euroko kalte ordaina ere eman beharko dio. Gainera, espetxe zigorra betetakoan, hamar urteko zaintzapeko askatasuna bete beharko du.

2024/04/16
Jaurlaritzak urtero 5.760 euro emango dizkie indarkeria matxistak umezurtz utzitako adingabeei (1:47 min.)

Laguntza 25 urtera arte luzatuko da ikasketa arautuak egiten dituztenentzat edota mendekotasuna edo desgaitasuna aitortuta dutenentzat.

Audiorik gabe. Indarkeria matxistaren testuinguruan, gizon batek umezurtz utzitako adingabeei biktima zuzen gisa aitortzeko eta egindako kaltea konpontzen laguntzeko dirulaguntzak emango ditu aurrerantzean Eusko Jaurlaritzak. Laguntzok arautzeko dekretua gaur onartu dute gobernu bileran. Hala, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen baitan, 18 urtez beherako umezurtzek 5.760 euro jasoko dituzte urtero, halako bi (11.520 euro) mendekotasunen bat edo % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna aitortuta dutenek. Are gehiago, laguntza 25 urte bete arte jasotzen jarraitu ahalko dute bi kasutan: ikasketa akademiko arautuak egiten badituzte edota mendekotasuna edo desgaitasuna aitortuta badute. Gainera, dekretuak ohiz kanpoko neurri bat aurreikusten du: 10.000 euroko ordainketa bakarra, atzeraeraginarekin, 2003ko urtarrilaren 1az geroztik amarik gabe geratu diren guztiei. Laguntzok jasotzeko honako baldintzak bete beharko dituzte biktimek: ama hil zuten urtean adingabea izatea, laguntza eskatzen den unean 21 urte baino gutxiago izatea, eta EAEko edozein udalerritan erroldatuta egotea. Dekretua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den unetik (oraindik ez dute zehaztu noiz izango den) eskatu ahalko dira laguntzok. Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmen duenez, laguntzok "beste urrats bat" dira indarkeria matxistaren biktima adingabeak "laguntzeko eta babesteko".

Ohar legala     Publizitatea